Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Berezko titulazioak

Ezaugarriak

Graduondoko berezko tituluak (berezko masterra eta unibertsitateko espezialista) ikasketa berezituak dira, unibertsitateak berak antolatuak. Gizartearen eskariaren arabera antolatzen dira eta horien araberakoa da beren balioa.  Gure tituluen helburua da goi mailako tituludunen prestakuntza osatzea eta lanean dauden profesionalen ezagutza eguneratzea, ikasketen bidez aukera izan dezaten lan munduan aurrera egiteko edo lanerako beste aukera batzuk bilatzeko.

Berezko masterrak unibertsitateko graduko tituludunentzat dira, eta 60-120 ECTS kreditu izaten dituzte.

Unibertsitateko espezialista tituluak unibertsitateko graduko tituludunentzat dira eta, aparteko kasuetan, unibertsitateko titulaziorik izan ez arren unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituzten profesionalentzat. Ikasketa hauek 30-59 ECTS kreditu izaten dituzte.

Graduko berezko tituluak (graduatu titulua eta aditu titulua). Ikasketa hauek ikasketa plan ofizialetan berariaz jasota ez dauden ikasgaiak irakasteko eskaintzen dira, bai eta graduko ikasketak egiten ari diren ikasleen prestakuntza osatzeko ere.

Berezko ikasketetako graduatu titulua unibertsitatera sartzeko baldintzak betetzen dituztenentzako antolatzen dira. 180-240 ECTS kreditu dituzte.

Aditu titulua lortzera bideratutako ikasketak egin ahal izateko, ikasketa ofizialetako ikasle izan behar da, loturaren bat duten ikasketetakoa, hain zuzen. 20-60 ECTS kreditu dira.

 

Ikasketa motak eta sartzeko baldintzak

Helburuei, hartzaileei eta lortzen diren titulazio edo ziurtagirien arabera, UPV/EHUko berezko ikasketak maila hauetan antolatzen eta egituratzen dira:

A) Graduko Ikasketak

A.1. Berezko graduko tituluak, estatu osoan baliozkoak diren titulu ofizialen erregistroan ez daudenak.

Iraupena 180 eta 240 ECTS kreditu bitartekoa izango da eta hartzaileak izango dira Unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonak. Titulazioaren izena hau izango da: "unibertsitatearen berezko titulua: …-n graduatua".

A.2. Gradu titulazio ofizialei lotutako berezko tituluak, lotutako titulazio ofizialean ikasketak egiten ari direnentzat. Guztira 20-60 ECTS kreditu izango dituzte; iraupena izango da atxikitako gradu tituluaren araberakoa. Halaber, titulazioa lortzeko gradu ofiziala eduki behar da. Titulazioaren izena hau izango da: "…-n aditua, …-ko gradu titulazioari atxikia".

 

B) Graduondoko ikasketak, unibertsitateko titulazioa duten pertsonentzat. Hona hemen titulu hauen sailkapena:

B.1. Berezko masterra

Titulu hori lortzeko ikasketek 60-120 ECTS kreditu izango dituzte oro har, eta iraungo dute, gutxienez, urte bete. Gutxieneko horri eutsita, ikasketak bi ikasturterako diseinatuko dira, iraupen hori izango da erreferentzi irizpidea.

Hala ere, salbuespen moduan, kreditu gehiagoko tituluak irakasteko baimen eman ahal izango da; baina ezingo dira eman, inolaz ere, 60 kreditu baino gehiago ikasturte bakoitzean.

B.2. Unibertsitateko espezialista

Ikasketek, guztira, 30-59 ECTS kreditu izango dituzte eta seihileko bat edo bi iraungo dute. Bi titulu horiek (B.1 eta B.2 ) eskuratu ahal izango dituzte graduko unibertsitate titulazioa dutenek, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzen dituen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuari jarraiki.  Halaber, titulu horiek eskuratu ahal izango dituzte graduko ikasketen kreditu-kopuru bera duten UPV/EHUko berezko graduko tituluak dituztenek.

Beste unibertsitateetako berezko graduko titulua duten ikasleak hartuko dira ziurtatzen denean graduko titulazio ofizialekin bat datorren formazio-maila dutela eta Unibertsitatean sartzeko baldintzak betetzen dituztela.

Atzerriko titulua dutenek, Unibertsitatean sartzeko, ez dute titulu hori homologatu behar, nahikoa da errektoreak aipatu titulua eta dokumentu akademiko osagarriak (geroko arautzearen arabera zehaztuak) egiaztatzea eta baimena ematea.

Ohiz kanpo, unibertsitateko titulurik ez baina egin nahi dituzten ikasketen alorrean eskarmentu handia duten profesionalak hartu ahal izango dira "unibertsitateko espezialista" tituluetarako. Onespena Doktorego Azpibatzordeak eman behar du, titulazioko Akademi Zuzendaritzak proposatuta.  Era horretan, gehienez, bi ikasle edo matrikulatutako ikasle guztien %5 baino ezin dira hartu.

Portzentaje horretaz aparte, tituluen ezaugarri berezien arabera eta arduradunak eskatuta, Doktorego Azpibatzordeak ikasketen alorrean eskarmentu handia duten profesionalak onartzeko baimena eman dezake, espresuki.

Unibertsitateko titulaziorik gabeko profesional horiek Unibertsitatean ikasteko lege-betekizunak bete beharko dituzte.

 

Azken eguneratzea: 2012/05/30