
Azken eguneratzea: 2011/12/19
Nekez izango du makina-erremintak inon Euskal Herrian baino tradizio handiagorik. Eta halako merkatu lehiakorrean, nola erakarri arreta? Desberdin pentsatuta, Tecnaliako Juanjo Zulaikak erakutsi duenez. Bolumen handiko fresatzeko makina ekoefizientea diseinatu nahi zuen berak, produktibitatea murriztu gabe: "Makina ahal bezain sendoa izatea da diseinu hauen helburua, normalean. Nire ereduan ez, ordea, eta txip-aldaketa handia da mundu honetarako". Masa murriztu eta dinamismoa lehenetsi du berak; hala, kontsumoa % 20 gutxitu du. UPV/EHUn aurkeztu du tesia, titulu honekin: Metodología para la concepción de fresadoras de gran volúmen productivas y ecoeficientes (Bolumen handiko fresatzeko makina produktiboak eta ekoefizienteak sortzeko metodologia). Gainera, sektorean inpaktu handien duen argitalpenak ere (International Journal of Machine Tools and Manufacture) txalotu du Zulaikaren planteamendu berritzailea.
Bolumen handiko fresatzeko makinak hiruzpalau metro garai izan daitezke, eta 10-15 metro luze. Oso pieza handiak egiteko baliatzen dira; esaterako, tren-bagoien oinarriak. Halako gailuak astunak eta baldarrak dira, mugitzen zailak, eta, horrenbestez, energia asko kontsumitzen dute lan horretan. Hortik bideratu du ikerketa Zulaikak. Esaterako, makinak bost tonako zutabea badu, hura arintzera, hiruzpalau tonatan uztera: "Makinako osagaien pisua % 20 jaisten badut, energia-murrizketa proportzionala da".
Produktibitatea abiapuntu
Arintze-lan horrek bi muga nagusi izan ditu, ordea: osagaiak gehiegi ahularazteko arriskua eta ohiko produktibitateari eutsi beharra. Hor dago ikerketaren muina, simulazio-eredu berritzailea egin baitu Zulaikak, muga horiek aldez aurretik zehaztu eta ezagutzeko. Berritzailea da, jomugan produktibitatea jartzen duelako, eta horren arabera egituratzen du beste guztia: "Makinaren dinamika eta prozesuaren dinamika eredu integratzaile batean sartu ditut. Nik erabakitzen dut produktibitate-helburua zein den, eta ereduak esaten dit makinak zer muga dituen. Mediku batek makinari diagnostikoa egingo balio bezala da: esaten digu zer zati dauden sendoegi eta zein ahulegi".
Gainera, simulazio-eredu hori benetako makina bati aplikatu dio ikertzaileak, eta, beraz, baliagarria dela egiaztatu du. Hain zuzen ere, lau metroko garaiera duen fresatzeko makina berri bat garatu du haren bitartez, sektore horretan diharduen enpresa batean. Emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte.
Zulaikak makina berrirako diagnostikoa egin du lehenbizi, eta, horretarako, aurrez enpresa horretan baliatzen zuten gailuaren produktibitatea izan du abiapuntu. Simulazio-ereduak adierazitakoari jarraiki, gailuaren zati sendoegiak moteldu eta ahulak indartu ditu, hala masa % 20 murriztea lortuta. Baina gainera, motelgailuak ezarri ditu, makina martxan dagoenean elementuen artean izaten den talka leuntzeko. Neurri gehigarri horri esker, produktibitateari eutsi ez ezik, hura handitzea lortu du. "Produkzioa mantentzea eta energia-kontsumoa murriztea zen helburua, berez; horrekin nahikoa du enpresa batek. Baina azkenean, bi neurriak konbinatuta, aurreikusi baino hobeak izan dira emaitzak", azaldu du ikertzaileak. Saiorik onenetan, % 100 handitu da produktibitatea, aurrez enpresa horretan erabiltzen zuten gailuarekin alderatuta. Simulazio-ereduaren bidez optimizatutako makina berriarekin egiten dute lan orain bertan.
Egileari buruz
Juan José Zulaika Muniain (Zarautz, 1971) Industria Ingeniaritzan lizentziaduna (Nafarroako Unibertsitatea) eta Mekanika Ingeniaritzan doktorea (UPV/EHU) da. Luis Norberto López de Lacalle Marcaide UPV/EHUko Fabrikazioko katedradunaren zuzendaritzapean idatzi du tesia. Tecnaliako Industria Sistemen Unitatean egin du ikerketa, eta gainera, elkarlanean aritu da Burgosko Nicolás Correa S.A. enpresarekin. Gaur egun, Tecnaliako bertako ikertzailea da Zulaika.
Argazki-oina: Tesiaren egilea, Juan José Zulaika Muniain. (Arg.: J. J. Zulaika).