
Gaur egun, diplomaturak, arkitektura teknikoak edo ingeniaritza teknikoak (3 urtekoak) eta lizentziaturak zein ingeniaritzak (4 eta 6 urte artekoak) daude unibertsitateko ikasketetan, eta bi ziklotan egituratuta daude (lehen eta bigarren zikloetan). Gaur egungo egituran, graduondoko ikasketa ofizialak doktoretzako programetara mugatzen dira, eta bat datoz unibertsitateko irakaskuntzetako hirugarren zikloarekin. Doktoretzako tesia defendatu ondoren, doktore-titulua lortzen da (1. irudia).

1. irudia
Unibertsitateko ikasketak Goi-mailako Hezkuntzaren Eremu Europarrean (GHEEn) eraldatuz gero, Europako unibertsitateetako ikasketak alderatu egin ahal izango dira. Horri esker, ikasleen mugikortasuna sustatuko da, eta tituludunak onetsiko dira lan-munduan.

2. irudia
Egitura berria hiru ziklotan egituratuko da (2. irudia).
Graduko ikasketak: lehen zikloa
Bertan, oinarrizko irakaskuntzak, prestakuntza orokorrekoak eta lanbide-jardunerako prestatzekoak egongo dira. Oro har, lau ikasturteko iraupena izango dute (240 ECTS kreditukoa). Oraindik ez dira ezarri.
Graduondoko ikasketak: bigarren eta hirugarren zikloa
Graduondoko ikasketak unibertsitateko ikasketen bigarren maila dira, eta bi ziklotan daude banatuta.
Masterra: bigarren zikloa.
2006-2007ko ikasturtetik, master ofizialak unibertsitateko ikasketak GHEEren arabera eratzeko egindako lehen zehaztapena dira. Ikasleei prestakuntza aurreratua, espezializatua edo diziplina anitzekoa eskaintzea daukate helburu. Xede dituen lanbide-arloen artean, ikerketa nabarmendu behar dugu. Ikasturte bateko edo biko iraupena daukate (60-120 ECTS kreditukoa). Harik eta gradu berriak ezarri arte, gaur egungo titulu ofizialak (diplomatura, lizentziatura, arkitektura eta ingeniaritza) lortutakoan egin daiteke.
Doktoretza: hirugarren zikloa.
Doktoretzako ikasketek ikasleen ikerketa-prestakuntza aurreratua daukate helburu. Doktoretzan, ikertzaile berriak trebatzen dira, ezagutza-mugaren erronkari arrakastaz aurre egiteko aukera izan dezaten.

Figura 3
Gaur egun desagertu beharreko egituran (3. irudian), urtebeteko (20 kredituko) prestakuntzaldia egiten da doktoretzan. Bigarren urtean, ordea, ikerlana garatzen da (12 kreditukoa). Epealdi hori amaitutakoan, ikerketarako nahikotasun-proba egiten da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma lortzen da. Doktore-titulua erdiesteko, 2 eta 3 urte arteko ikerketaldia egin beharko da, eta Doktoretzako Tesia defendatu beharko da. Gaur egun, lizentziatua, arkitektoa edo ingeniaria izan behar da, hirugarren zikloa (doktoretza) egin ahal izateko.
GHEEra egokitutako egitura berrian, doktoretzan ez da araututako prestakuntzaldirik egongo. Ez du iraupen finkorik izango, baina ikerketaldia 3 eta 4 urte artekoa izango da. Bertan, ikastaroak eta mintegiak ere egin ahal izango dira. Horra iristeko, ikerketa-masterra egin beharko da, beti ere graduko eta graduondoko unibertsitate-ikasketetan gutxienez 300 kreditu lortu badira.
Graduondoko berezko tituluak
Ikasketa ofizialen osagarri, Euskal Herriko Unibertsitateak graduondoko bertako tituluak eskaintzen ditu GHEEra egokituta. Unibertsitateak berak antolatutako irakaskuntzak dira, eta erantzun arina bezain malgua ematen diete gizarte-eskariei. Espezializazio handiko eta lanbide-orientazio argiko titulazioak dira. Goi-mailako tituludunen ikasketa-prestakuntza osatzea eta lanean dauden profesionalen ezagutzak eguneratzea daukate helburu. Erakundeek, zentro teknologikoek eta administrazioek euren garapenean parte hartzen dute.
Bi titulazio-mota eskaintzen dira:
Unibertsitateko masterra.
Unibertsitateko tituludunentzakoa da eta bere iraupena 60 eta 120 ECTS kreditu artekoa da (ikasturte batekoa edo bikoa)
Unibertsitateko espezialista.
Unibertsitateko tituludunentzakoa da eta, salbuespenak salbuespen, unibertsitateko titulaziorik ez duten profesionalentzakoa ere bai, beti ere unibertsitatean sartzeko eskakizunak betetzen badituzte. Iraupena 30 eta 60 ECTS kreditu artekoa da (6 hiletik urtebetera artekoa)
Etengabeko prestakuntza: ikasketa osagarriak
Ikasketa osagarriak ezagutzak eguneratzeko, espezializatzeko, birziklatzeko eta osatzeko ikastaroak dira, eta ikasleen zein lanean dauden profesionalen prestakuntza osagarria eta etengabea daukate helburu. Programa horien iraupena 20 ECTS kreditukoa da gehienez ere.
Era berean, programa horiek enpresen, toki-korporazioen, autonomia-korporazioen, fundazioen edo edozein instituzio edo erakunde publiko edo pribaturen eskariei erantzutea daukate xede.